7/2008 foru arauak zer dio? Errauste plantari eusteko baleko argudioa al da?

Donostiako 1. Administrazio Auzietarako Epaitegiak ebatzi du ez zela legezkoa izan Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak Zubietako errauste planta eraiki behar zuten enpresekin eginiko akordioa, eta baliorik gabe utzi du .

7/2008 foru araua errausketaren aldeko erabaki bat emateko aitzaki izan da. Epaitegietako erabakia interpretagarria denean, errausketazaleen alde apustu egitea komeni dela ikasia dugu honez gero. Labur bada ere, epaia oinarritzen omen den 7/2008 foru arauaren bestelako interpretazio bat egin nahi dugu.

7/2008 foru arauaren 4. artikuluko a, b eta c puntuak betez gero, nondik aterako ziren errauste plantak behar zituen 260.000 tn errefus? Denborak eta datuek erakutsi dute kalkulu okerretan oinarrituta zegoela errauste planta. 2015ean 160.000 tn errefus sortu ziren guztira, beheranz doan joera batean. Ikus behean errefusak Gipuzkoan azken urteetan izandako bilakaera.

Kontuan izanik a, b eta c puntuetan oraindik zenbateko hobekuntza tartea dagoen, eta, Europatik datorren araudiak hobekuntza horretan aurrera egiten jarraitzeko neurriak betearaziko dituela, zer egin behar zuten 2013an kudeatzaileek?

  • 7/2008 foru arauaren zati horren aurrean ez-ikusiarenak egin?
  • Gipuzkoarren dirua modu arduragabean xahutu beharrezkoa ez zen azpiegitura garesti eta desfasatu batean?

Ardura politikoak eta “bestelakoak”

Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua (Argazkia Atariatik hartua)

Jose Ignacio Asensio ingurumen dipitatua oldarkor agertu da aurreko kudeatzaileen aurka. Ardura politikoak eta bestelakoak eskatu ditu prebarikazio delitua iradokiz. Baina argi ibili beharra dauka berak ere, Gipuzkoarrak 35 urterako zaborra sortzera eta Gipuzkoarren dirua planta toxiko eta zaharkitu batetara hipotekatzera doan erabakiaren arduradun nagusia baita. Eta hori guztia, gaizki ari denaren jakitun dela egiten ari da.

  • Badaki, horrelako inbertsio bat egiteko adostasun nahiko ez dagoela.
  • Badaki, nahiz eta hondakinen sorrerarako prognosian ez-ikusiarenak egin, Europako araudiak bultzatzen duen ekonomia zirkularreranzko transtsizioan hazkunde ekonomikoa eta hondakin sorreraren arteko erlazioa aldatuko dela.
  • Badaki, gaikako bilketa eta prebentzioan hobekuntza tarte handia dagoela oraindik Gipuzkoan, eta badaki horretan aurrera egitea posible dela borondate politikoa egonez gero.
  • Badaki, biztanleriaren prognosian erabili dituzten datuek erakusten duten goranzko joera, estatistika institutu ofizialek darabilztenen kontrakoak direla.

Ikus: Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena

Kategoria: Adierazpena, Erraustegia, GFA - Gipuzkoako Foru Aldundia, GHK, Gipuzkoa, Iritzia, ZZ berriak. Gorde lotura.