Oinarrizko azalpena

Ezaugarriak

Atez ateko hondakinen bilketa sistema, izenak dioen bezala, hondakinak biltzeko sistema bat da. Leku batetik bestera zenbait ezaugarri aldatzen dira, baina orokorrean ondorengoek definituko lukete:

  • Hondakin birziklagarri guztiak gaika biltzen dira. Nahasian birziklaezinak diren hondakinak bakarrik jasotzen dira. Ondorioz errefusan apenas geratzen den ustel daitekeen hondakinik.
  • Hondakinek arduradunak dituzte. Erakundeak zein herritarrak, bakoitzak dagokion ardura zatia bere gain hartzen du. Anonimotasuna gordetzen da, identifikazioa kode bidezegiten baita.
  • Bilketa zerbitzua hobetzen da, erosotasunaren mesedetan. Etxeko atarian bertan biltzen dira hondakinak.

Arrakasta

Goian aipatutako ezaugarriek ondorio zuzen eta berehalakoak dituzte. Edukiontzi bidezko gaikako bilketatik atez ateko bilketara igaro diren herrietan ikusi ahal izan da hori. Gipuzkoan, 2011 urterako martxan jarri den lau herrietan, hilabete eskasean, gaika %30tik behera biltzetik %80tik gora biltzera pasatu dira. Aipatzekoa Antzuolaren kasua %90eko gaikako bilketa gainditu baitu hilabete eskasean.

Emaitza hoiek ez dira kasualitatez gertatzen. Bilketa sistemaren ezaugarriek herritarrak era batean edo bestean jardutera bultzatzen dute. Atez atekoan erakundeek dagokien ardura zatia hartzen dute bere gain, eta herritar bakoitzak, dagokion ardurari erantzun behar dio. Herritarraren ahalegina ez da alferrik galtzen uzten, lortutako emaitzak hondakinen kudeaketa arduratsua egitea ahalmentzen dutelako.

Gutxi eta garbia

Nabarmendu behar den beste puntu bat geratzen den errefusarena da. Birzikla daitezkeen hondakinak kenduta geratzen den errefusa kopurua oso txikia da, eta ia inertea, gai organikorik ez daukalako apenas. Errefusa ateratzeko aukera astero egon arren gutxi dira maiztasun horrekin ateratzen duten herritarrak. Beheko irudian bikote batek hilabetean sortutako errefusa guztia ikus daiteke.

Astean poltsa bete hondakin ateratzera ohituta dagoen jendearentzat sinestezina gerta daiteke zaborra benetan ze gutxi den ikustea. Oso ariketa interesgarri eta didaktikoa da etxean ondoko froga egitea. Denbora epe bat hartu, aste bat adibidez, eta hondakin guztiak gaika bereizita jaso organikoa barne. Birziklaezinaren ontzian, zenbat geratu da? Nolakoa da? Ariketa honek begiak irekitzeko balio du, eta birzikla daitezkeen hondakin hoiek zabortegi eta erraustegietara eramatean ze tamainako astakeria egiten ari garen jabetzeko baliagarria da.

Herritarren jarrera

Inork ez du gustoko izaten ohiturak aldatzea, ohiturazko animaliak gara gizon-emakumeok. Are gutxiago atsegin dugu inork guri ohiturak aldatu behar ditugula esatea. Gainera, ezagutzen ez dugunak beldurra eragiten digu. Hondakinen kasuan, xelebrea da gerora lasaitasun eta normaltasun handienarekin biziko diren egoeren aurrean, Atez Atekoa ezarri aurretik jendearengan sortzen diren beldur eta kezkak ikustea. Ohiko kezken artean ondorengoak topa ditzakegu:

  • Nolatan edukiko dut etxean hondakin organikoa, ezin atera, tokatzen den hurrengo egunerarte?
  • Nire kuboa, kalean, bakarrik, ez ote du inork ostu edo hondatuko?
  • Zerbait nora bota behar dudan ez badakit isuna jarriko al didate?
  • Kalean ez al da kiratsik, arratoirik eta zikinkeriarik egongo?

Esan bezala leku guztietan errepikatzen diren kezkak dira. Era berean, Atez ateko jarduna zer den ikusita desagertzen diren kezkak dira. Hori inkestetan garbi ikus daitekeen zerbait da. Atez Atekoa jarri aurretik, informatuta eta kontzientziatuta dagoen jendea dago alde. Gainerako multzoak zalantzak dauzka ala kontra dago. Atez atekoa martxan jarri ondoren berriz, jende gehienak ondo moldatzen dela aitortzen du, eta zalantzak zituzten askok eta kontra zeuden askok, Atez Atekoaren aldeko jarrera hartzen dute. Beraz, Atez Atekoaren aldeko jarrera ezagutzaren araberakoa dela esan daiteke. Zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta aldeko jarrera nabarmenagoa.

Usurbilen egindako inkesta

Hernanin egindako inkesta

Oiartzunen egindako inkesta

Atez atekoaren egunerokoa

Egutegia:

Egun bakoitzean hondakin atal bat eta behar izanez gero pardel edota konpresak atera daitezke. Azken hauek poltsa batean berezita. Hemen erabiltzen den maiztasuna ondorengoa da:

  • Atal organikoa: Astean hirutan.
  • Ontzi arinak: Astean bitan.
  • Paper eta kartoia: Astean behin.
  • Errefusa (birziklaezina): Astean behin.
  • Beira: Hemen beira biltzeko edukiontziak mantendu dira. Arrazoiak, bilketa zuzenean enpresak egiten du, aho txikia dauka edukiontziak eta ez du ihesbide bezala balio hondakinak nahasian atera nahi dituenarentzat eta beira atez ateko postean ateratzeak arazo gehiago sortu ditzake (puskatzen bada, pixuagatik…)

Usurbilgo atez atekoaren egutegia:

Ordutegia:

Ordutegi bat jartzen da hondakinak ez daitezen egun osoan kalean egon. Herri bakoitzaren erabakia bada ere, ordutegi malgua jartzen da jendearen beharretara moldatzeko.

Bakoitzak bere lekua:

Bakoitzak bere lekua dauka bere hondakinak uzteko. Hondakinak kode baten bidez identifikatuta daude, oharren bat eman behar bada udalak nori zuzendu jakin dezan, baina era berean gainerako herritar eta biltzaileen aurrean anonimotasuna gordetzeko.


Aportazio eta larrialdi gunea:

Edozein arrazoi dela medio, ezarritako egutegi-ordutegian ezin badira hondakinak atera, larrialdigune batetara eraman daitezke, beti ere gaika sailkatuta. Herrigunetik aparte bizi direnek ere larrialdigune edo aportazio gune hauetara eraman behar dituzte bere hondakinak gaika, urruneko etxeetaraino biltzera joatea ez baita bideragarria.

Garbigunea:

Tarteka sortzen diren hondakinak, pilak, olioa, bonbillak, boluminosoak, aparato elektronikoak eta gainerakoak biltzeko garbigunea egoten da.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>