Bizkaiko herriek oso gutxi bidali zuten birziklatzera 2016an ere

Hasi gara jasotzen Bizkaiko herrien 2016ko hondakin bilketen datuak, eta zoritxarrez aurreko urteetako emaitza eskasak ari dira errepikatzen.

2017an gaude, eta Bizkaiko herrietako hondakinen banaketa datuek aurreko mendekoak ematen dute. Sailkatuta hondakinen %30 baino gehiago jasotzen duten herriak salbuespena dira, eta herri askotako sailkapen tasa %20an dago. Datu kezkagarriak dira.

Beste behin ere, hauxe esan beharra daukagu: 2016an Bizkaian sortutako hondakin gehienak erre eta zabortegira bota ziren. Eta hondakin horietako gehienak birziklagarriak eta konpostagarriak ziren.

Herrietako bilketa sistemak aldatu beharra dago. Erabaki politiko zentzudunak hartu beharra dago ahalik eta arinen. Ezin dugu jarraitu Bizkaiko zabortegiak betetzen. Errekurtso naturalak ahalik eta hobetoen aprobetxatu behar ditugu.

Zorionez, Bizkaiko herri eta eskualde batzuetatik berri onak jasotzen ari gara. Lea-Artibai eskualdean txipdun edukiontziak jarriko dituzte, hondakin organikoa eta erreusa jasotzeko. Sistema horrek emaitza onak eman ditu Euskal Herriko herri askotan. Gainera, Bizkaiko herri askotan konpost komunitarioa edo indibiduala ari dira bultzatzen. Edota atari aurrean hondakinak sailkatuta jasotzen. Esperientzia eredugarri horiek babestu eta lagundu egin behar dira, eta Bizkai osora zabaldu epe ertain batean. Euskal Herriko eta munduko toki askotan lortu dute hondakinak murriztu eta bilketa selektiboa handitzea. Besteek ahal badute, bizkaitarrok ere ahal dugu. Borondate kontua da.

Kategoria: Bizkaia. Gorde lotura.