Downcycling edo beheziklapena. Zatiki birziklaezinarentzako behin behineko irtenbidea?

Zer da downcycling edo beheziklapena?

Downcyclinga, emaitzatzat hasierakoa baino kalitate eskasagoa duen material birziklatua lortzeko tratamenduari deritzo. Kalitate galera hori hainbat arrazoiren ondorio izan daiteke: materialak nahastuta egotea, materialaren barne egitura (zuntzak…) erabilpenarekin kaltetzen joatearen ondorioz propietateak eskastea, hondakinak jatorrizko erabilpenera beharrean bestelako erabilpenetara zuzentzea, adibidez,  hiri altzariak egitea, arte lanak egitea, zapaten zolarekin errepideak asfaltatzea, e.a.

Plastiko hondakinekin etxe bat eraikitzen. Beheziklapenaren adibide bat.

Zein da ekonomia zirkular/zero zabor eredu batean material hauekin egin beharko litzatekeena?

Ezaguna da, errausketa eta bestelako tratamendu suntsitzaile batzuen inguruko eztabaidetan, tratamenduon bultzatzaileek sarritan aipatzen duten “materialen nekea”. Kontzeptu horrek lehen aipatutakoa adierazten du, alegia, zenbait materialek, birziklatzen den aldiro propietateak galtzen dituztela, hondatzen doazela, eta beraz, birzklatu daitezkeen aldi kopurua mugatua dela. Ondorioa: errefusara doazela, eta, batzuen iritziz, atera ahal zaien energia atera behar zaiela.

Zaborra, sistemaren akatsa da. Ez dauka zentzurik eskuratu dugun material bat berreskuratu gabe alferrik galtzen uzteak. Berriz ere natura ustiatzera joan beharko litzateke, baliabideak urrituz, eta, erauzte eta ekoizte prozesuan erabilia izan den energia galduz, hau da, materialean barneratutako energia, alferrik galduz, edo gehienera, energia horren zati txiki bat berrezkuz energetikoki balioztatzeko tekniken bidez. Zaborra sistemaren akatsa dela esan dugu eta akatsekin gauza bakarra egin daiteke; akatsaren zergatiak aztertu, irtenbideak bilatu eta irtenbide hoiek praktikara eraman.
Alegia, material batzuk, beraien ezaugarrien ondorioz, behin eta berriz berreskuratzea ezinezkoa baldin bada, material hoiek ordezkatuko dituzten material berriak bilatu behar direla, ikerkuntza eta garapenaren bidetik adibidez, eta ez, akats hoiek iraunaraztea eragingo duen industria eta lobby bat sortu.

Beheziklapena, zero zabor eredua edo ekonomia zirkularra eta transtsizioa

Interes makurren ondorioz, ekonomia zirkular kontzeptua edukiz hustu nahiean dabilenik ez da falta, eta, ondorengoa, argi eta ozen adierazi beharra dago: Ekonomian erabiltzen diren material guztiak erabili ondoren berreskuratu eta berriz ere produktu berrietan txertatzen ez dituen ekonomia bat EZ DA EKONOMIA ZIRKULARRA.

  • Zaborra sortu eta erraustuz materialak suntsitzen duen ekonomia bat EZ DA EKONOMIA ZIRKULARRA
  • Beheziklapenaren bidez materialak berreskuratzen dituen ekonomia bat EZ DA EKONOMIA ZIRKULARRA

Gauza jakina da teorian %100 dena praktikan ez dela hain borobila izaten, baina gauza bat da erabilitako materialen %1-%5 oraindik berreskuratzen ez duen ekonomia bati zirkular deitzea, eta, beste bat, materialen %30-%40tik gora suntsitzen dituen ekonomia bati zirkular deitzea.

Zero Zabor eredua edo ekonomia zirkularra zer den, eta, zer ez den garbi utzita, zergatik da interesgarria beheziklapena?

Gauza jakina da, gaur gaurkoz daukagun ekonomia eredua lineala dela. Errealistak izanda, ekonomia zirkular deitu ahal izango zaion ekonomia eredu batera igarotzeko hamarkada bat edo bi beharko dira gutxienez. Ekonomiako urrats eta alor guztietan aldaketak egin behar dira horretarako (produktuen diseinua, kontsumitzeko erak, legeria, azpiegitura egokiak eraiki, bilketa sistema eraginkorrak ezarri, kultura berri bat zabaldu…) eta horrek bere denbora eskatzen du. Hori dela eta, ezinbestekoa zaigu TRANTSIZIO batetaz hitz egitea. TRANTSIZIO horretan, era antolatu eta koordinatu batean, aipatutako aldaketa hoiek denak gauzatzen joan behar dute. Bitarte horretan, geroz eta gutxiago izan arren, sortu, sortuko diren hondakin birziklaezin hoiekin zer egin behar den galderari erantzun behar diogu, geure burua oinak lurrean dauzkan eta zentzuzko proposamenak egin nahi dituen eragiletzat baldin badaukagu.

Ekonomia zirkularrerako trantsizioan, beheziklapenak garrantzi handia dauka, beti ere hondakinen kudeaketarako ezarritako hierarkian gorago dauden mailetan egin beharrekoak egin ondoren aplikatzen baldin bada. Hemen kontuan hartu beharreko gauza batzuk:

  • Beheziklapenaren bidez, materialen BALIOZTATZE MATERIALA egingo litzateke zatiki birziklaezinarekin, errausketa eta antzeko tratamenduen bidez proposatzen zaigun ENERGIA BALIOZTATZEaren ordez. Hondakinen kudeaketarako onartuta dagoen hierarkian balioztatze materiala energia balioztatzearen gainetik dagoela gogorarazi behar da.
  • Beheziklapenaren bidez lortutako materialarekin bizi iraunpen luzeko produktuak ekoiztu behar dira materialaren kalitate galera mantsotzearren. Hirigintza materiala, loreontziak, garraiorako paletak…

Beheziklapenerako azpiegituren abantailak

Beheziklapena egiteko azpieguturak errausteko azpiegiturak baino askoz ere merkeagoak dira. 3-5 urte nahiko izaten dira azpiegitura hauetan inbertitutako dirua amortizatzeko. Ondorioz, errauste plantek ez bezala, ez dute inbertsioa berreskuratzearren zaborra sortzen segitzeko interes gunerik sortzen eta ez dira trantsizioan aurrera egiteko oztopo.

Bestalde, plastikoak trinkotzeko erabiltzen diren teknikak tenperatura bajuan aplikatzen dira. Ondorioz isurketa arriskutsuak ekiditen dira eta tratamendu ondorengo hondakinak ez dira tratatu aurrekoak baino toxikoagoak izaten.

Kategoria: Downcycling/Behezziklapena, Ikerketa eta garapena, Tratamendua, Uncategorized, ZZ berriak. Gorde lotura.