Zer da errausketa

Zer da errauste planta bat?

Errauste planta baliabideak pozoi bihurtzeko fabrika bat da. Hau da, baliabideak (papera, kartoia, janari kondarrak, plastikoa, metalak…) errausten dira, daukaten energia baliatzeko asmoz. Ondorioz, material hoiek elkarrekin eta beroarekin erreakzionatu eta eraldatu egiten dira, gas zein solido moduan konposatu berri eta arriskutsuak sortuz.

Zabortegirik behar al du errausketak?

Magiarik egiten duenik ez da sortu munduan gaurdaino. Erraustegian sartzen den zabor guztia atera egiten da gero. Abantailaren bat izatekotan, bolumenean txikitzea izango da. Hortik aurrera hiru zabortegi mota behar ditu errausketak.

Zabortegirik handiena, ingurumena:

Hondakinak errausterakoan, hondakin hauetan zeuden konposatu asko gas bihurtu eta tximiniatik gora ateratzen dira atmosferara. Kalterik egiten ez duten konposatuak daude tartean, ur lurruna adibidez. Beste asko ingurumenarentzat kaltegarriak dira. Berotegi efektua areagotzearen ondorioz klima aldeketa eragiten duen CO2a adibidez. Beste batzuk are eta ondorio larriagoak dituzte. Materia organikoa erraustean sortzen diren dioxina eta furanoak ingurumenarentzat ez ezik, gizon-emakumeon osasunarentzako oso kaltegarriak dira. Minbizia, umekien malformazioak, nerbio sistema zentralean kalteak… zerrenda luzea da konposatu hoiei egozten zaizkien kalteek osatzen dutena. Konposatu hauentzat ez dago maila segururik. Filtro onak izan arren eta errauste plantatik irtendako kopuruak txikiak izan arren, oso egonkorrak dira, hau da, ez dira erraz desegiten eta beraz elikadura katean eta gure gorputzetan metatzen doaz.

Eskorientzako zabortegia:

Errausten den zaborraren laurden bat inguru geratzen da errauskailuan eskoria modura. Errausketaren aldekoek eskoria hauek eraikuntzarako lehengai bezala erabiltzea proposatzen dute. Dena den, ez dugu ezagutzen bere etxeko hormak eskoria hauekin egitea eskatu duen arduradun politiko edota industri gizon-emakumerik. Aitzitik, Gipuzkoan adibidez, eskoriak hondakin arriskutsuentzat Mutiloan dagoen zabortegi batetara eramatea aurrikusita dago errauste plantaren hondakinak kudeatzeko egindako planetan.

Errauts toxikoentzako zabortegia:

Lehen aipatu dugun bezala materia ez da desegiten, eraldatu baizik. Errauste plantatik kanpora errauts toxikoa ateratzea galarazteko jartzen diren filtroetan geratzen den errautsak ere zabortegia behar du. Ez nolanahikoa gainera. Zabor arriskutsu bezala kontsideratuta dago osatzen duten konposatu toxiko kopuruagatik. Hori dela eta, tratamendu eta gordetzeko baldintza bereziak behar ditu. Erraustutako hondakinen %5 inguru izaten dira errauts toxiko hauek eta Gipuzkoako erraustegirako kasuan A Coruña, Valladolid edo Huelvara eramatea aurrikusten da egin dituzten planen barruan.

Ikus daitekeenez, errausketaren bultzatzaileek saldu nahi duten mitoa besterik ez da erraustegiak zabortegirik behar ez duena. Zabortegia eta gainera toxikotasun handiko produktuentzako zabortegiak behar ditu errausketak.

Zergatik dauzka errausketak bultzatzaileak? Errausketaren negozioa

Erraustea negozio borobila da. Negozio borobila bai, baina gutxi batzurentzat. Herritar gehienontzat gure osasuna mehatxatu eta zerga bidez finanziatzera behartzen diguten azpiegitura kutsakor eta garesti bat besterik ez da. Hori ez da horrela errausketa eraikitzeaz eta kudeatzeaz arduratzen diren enpresa handi eta haien jabeekin batera gure zergak zertan erabili erabakitzen duten arduradun polikoentzat. Ikus dezagun zergatik:

Erregai merkea:

Erregai fosilak geroz eta urriagoak eta garestiagoak diren mundu honetan, erregai hoien ordezko merkea erabiltzeak urteko ustiapen kontuetan irabaziak dexentez handitzea dakar, enpresa hoien administratzaileen gozamenerako. Hondakinak erregai bezala erabiltzean, merkeagoa ez ezik erregaia jasotzeagatik herritarroi kobratzen digute. Beraz, lehenengo arrazoi borobila (berriz ere gutxi batzuentzat) ekonomikoki errausketa bultzatzeko.

Diru laguntza publikoak:

Sinestea zaila egiten bada ere, errausketatik sortzen den energia, energia “berriztagarria” kontsideratzen da. “Biomasa”, hau da, materia organiko konpostagarria erretzeagatik datorkio merezimendu hori. Sailkapen horren aitzakitan errauste plantek dirua jasotzen dute administrazio publikoetatik. Administrazio publikoetatik jasotzen diren laguntza hoiek noski, ez dira zerutik etorritakoak. Herritarrok ordaintzen ditugun zergetatik ateratakoak dira. Bigarrenez herritarrak ordaintzaile eta eliteak jasotzaile.

Lehentasunezko produktua:

“Berriztagarri” izendapen horren badu beste abantaila bat diru laguntza zuzenak jasotzeaz aparte. Argindar hornitzaieek lehentasunez erosi behar duten argindarra da horrela ekoiztutakoa. Beraz merkatua ziurtatuta daukate legez hondakinak erraustuz aberasten direnek. Noski, merkatu horren zati handi bat herritarrok osatzen dugu. Horrela hirugarrenez ordaintzen dugu, gutxi batzuentzat negozio errentagarria den jarduera kutsakorra.

Ikus daitekeen bezala, errausketak elite ekonomikoentzat eta hauekin eskuz esku doazen politikarientzat motibazio faltarik ez dauka eta onura ekonomiko handiak dakarzkie. Herritarrontzat ordea, gastuak eta kutsadura besterik ez dakar errausketak, sektore indartsu hoien propagandak bestelakorik sinetsi arazi nahi digun arren.

Esteka interesgarriak

Proyecto tecnico y estudio de impacto ambiental del centro de gestion de residuos de Gipuzkoa

Alfonso del Val Insisto soy verde ANALISIS CRITICO DEL PIGRUG

Burden of disease attributable to air pollutants from municipal solid waste incinerators in Seoul, Korea: a source-specific approach for environmental burden of disease.