34 alkatek gaikako bilketa eraginkorraren alde egindako apustuak, itzal egin dio garrantzi handiko beste berri bati. Foru Aldundiko ingurumen zuzendaria den Ainhoa Iraolak iragarri duenez, Foru Aldundiak 547.592,65 euro erabiliko ditu aurten hiri hondakin gutxiago sortzeko prebentzio ekimenak eta berrerabilpena sustatzeko jarduerak sustatzeko.
Garbi dago Gipuzkoan hondakinen arazoa aukera bilakatzeko apustu sakona egiten ari dela. Zaborra desagertarazi eta lanpostuak eta ekonomia berdea haztera doaz horrenbestez.
Erraustegia helburutzat daukatenek gerra emateko borondatea erakutsi dute. Badituzte bitartekoak, eta gezur eta astakeri erauntsia espero daiteke 2013 urtea heldu artean. Baina beti diogun bezala, arrazoiak eta datuak alde dauzkagu. Informazioa eta ezagutza da hondakinen arazoa konpondu nahi dugunon armarik onena. Horregatik informatzen eta Zero Zabor sarea antolatu eta hazten segiko dugu azkeneraino iritxi arte.
Sekula baino itxaropentsuago egoteko arrazoiak dauzkagu.