Ikurrak

Zero Zabor filosofiaren zabalketan eta Zero Zabor ereduaren aldeko ekimenean Zero Zabor ingurumen babeserako elkartea (lehen Gipuzkoa Zero Zabor) errefente nagusia izateak, zenbait ikurren gaineko nahastea eragin du. Borondate txarrik gabe eragin daitezkeen gaizki ulertuak sahieste aldera, ikur bakoitzaren esanahia eta erabilpena zein den argitzea komenigarri deritzogu.

Zero Zabor eredu eta filosofiaren ikurra

Goian ikus dezakezue nazioartean Zero Zabor ideia ordezkatzeko erabiltzen den ikurra. Ikur generikoa da, ez du horretan lanean ari den talde jakin bat ordezkatzen. Hemen jarri dugun ikurrean “Zero Waste” ingelesez badauka ere, hizkuntza bakoitzari egokitu dakioke. Adibidez,  Argiaren Zero Zabor blogaren buruan ikus dezakezue ikurra zuzen erabilita.

Zero Zabor ingurumen babeserako elkartearen (lehen GZZ) taldearen ikurra

Zero Zabor-en ikur generikoa oinarritzat hartu, eta, Gipuzkoaren “G”arekin jolastuz osatutako ikurra da. Kontuan izan behar da hastapena Gipuzkoan sortutako mugimenduan izan zuela Zero Zabor i.b.e.-k . Ikur hau ez da generikoa, hau da, Zero Zabor ingurumen babeserako elkartearen (lehen GZZ) ikurra da, eta beraz, Zero Zabor ingurumen babeserako elkartearen “zigilu” modukoa. Ikur honen erabilpena, ikurra daraman euskarria Zero Zabor ingurumen babeserako elkartearena dela adierazteko da. Beraz, Zero Zabor ingurumen babeserako elkartearen, eta, bere barne dauden zero zabor  taldeek soilik erabiltzeko da. Hortik aparteko inork erabiltzeak, borondate onez egina bada ere, gure ahotan, gureak ez diren hitz eta ideiak jartzea suposatzen du, eta horrek arazoak sor ditzake.

Gure sarean ez dauden talde eta eragileek Zero Zabor kontzeptua ikur bidez azaldu nahi badute, ikur generikora jo dezakete, edoeta beraien ikur propioa sortu.

“Aire garbiak bira nazan” haize errota

Usurbil Zero Zabor taldean sortutako ikurra da kolorezko haize errota. Errausketa bezalako tratamendu kutsatzaileetan oinarritutako kudeaketa ereduak alde batera utzi, eta, Zero Zabor ereduak egiten duen bezala, herritarren osasuna eta ingurumena zainduko dituzten ereduak aldarrikatzeko sortua. Gerora, Gipuzkoa Zero Zabor-en bidez  zabaldu da ikurra. Kolorezko haize erroak ondorengoak adierazten ditu:

  • Zero Zabor ereduaren mugimendu zirkularra. Materialak erabili ondoren berreskuratu eta lehengai bihurtzearen aldarrikapena.
  • Haize errotak egiten duen bezala, natura gure beharrak asetzeko erabiltzea, horretarako natura bera kaltetu gabe, kutsatu gabe. Aire garbiak biratzen du errota, eta aireak, garbi darrai errota birarazi ondoren.
  • Haize errotaren koloreek esanahi bikoitza daukate:
    • Baikortasuna eta ilusioa: Arazoak erronka bihurtzeko deia egiten du, etorkizun hobeago bat posible delako, betiere guk etorkizun hori lor dezagun lan egiten badugu. Etsita, errausketa bezalako tratamendu toxikoa bezalakoak ezinbestekoak direla sinetsita eduki nahi gaituztenen aurrean, gauzak ondo egiteko bidea bilatzeko eta bultzatzeko gaitasun, determinazio eta gogoa adierazten du.
    • Aniztasuna: Etorkizun osasungarri eta hobeagoa guztion onerako da. Ideologia politiko, adin, sexu, arraza edo bestelako edozein ezaugarriren gainetik. Zero Zabor ereduaren aldeko mugimenduan guztiok lekua daukagula adierazten du eta guztioi lekua egin behar diogula.

Haize errota Gipuzkoako Zero Zabor mugimenduak sortua da, baina erabilpena librea da, edozeinek erabil dezake, betiere aipatu dugun esanahi eta testuinguruan erabiltzeko baldintzarekin, hau da, baikortasuna, aniztasuna eta mundu osasungarri eta arrazional bat aldarrikatzeko bada.

Zurriolako hondartzan haize errota irudikatuz egindako mosaiko erraldoia

Erantzun bat Ikurrak-ri

  1. Pingback: Gipuzkoa Zero Zabor mugimendua Ingurumen Babeserako Elkartean bilakatu da | Usurbildarrak aurrera

Utzi erantzuna