Zer da konpostajea?

Naturak milioika urtetan gordetako jakintza

Badira batzuk, gauza xinpleei irtenbidea emateko teknologia eta metodo konplikatu eta garestietara jotzen dutenak. Nonbait, bere burua inteligenteagotzat eta argiagotzat jotzen dute holako teknologia ekarri dutela erakutsiz. Baina argia dagoen lekuan ez da bonbilarik behar. Jarrera horrek jende horren gaitasun eza, iluntasun intelektuala, agerian utzi besterik ez du egiten. Arazo xinpleak konpontzeko teknologia konplexua erabiltzea kaikukeria da.

Konposta egitea naturan gertatzen den fenomenoa errepikatzea besterik ez da. Basoetan orbelarekin gertatzen den legez, materia organikoa deskonposatu egiten da ongarri natural bilakatuz. Prozesuan animalia txiki eta mikroorganismo anitzek hartzen dute parte materia liserituz eta zati txikiagotan deskonposatuz. Intsektu, zizare, onddo nahiz bestelako mikroorganismo mordoarekin tratua egitea da konpostatzea. Jana lanaren eta ongarriaren truke.

Konpostatzean ez da ustel usainik sortzen, ez baita materia usteltzen

Materia organikoa aurearekin deskonposatzean beroa eta lurrina sortzen da. Materia ez da usteltzen eta ez du ustel usainik botatzen.

Egindako konpostak basoko lurraren usain bera dauka. Egiten ari den bitartean ere, uste daitekeenaren kontra ez du ustel usainik botatzen. Are gehiago, ezin du ustel usainik bota. Zergatik?

Materia organikoa deskonposatzeko bi bide daudelako. Bide bakoitzean gertatzen diren erreakzio kimikoak eta parte hartzen duten mikroorganismoak ezberdinak dira, eta ondorioak ere bai. Materia organikoa aerobikoki ala anaerobikoki deskonposatu daiteke. Hau da aireztatuta ala airerik gabe.

Airerik gabe deskonposaten denean, oxigenorik gabe, materia usteldu egiten da eta besteak beste metano gasa isurtzen du. Usteltzen denez, materia ustelak botatzen duen kiratsa dario horrela deskonposatutako hondakinari. Ohiko zabortegietan geratzen den fenomenoa da hau, hondakin organikoa beste honndakinekin batera pilatuta airerik sartzen ez zaiolako.

Airearekin deskonposatzean ordea ez da usteltzen, eta noski, ez du ustel usainik botatzen. Hain zuzen ere konpostagailutik ustel usaina aeteratzen dela somatzen bada, behar bezala aireztatuta ez dagoen seinale da. Hori segituan konpontzen da lehorkin pixka bat botaz ala konpostagailuko edukia mugituz.

Konposta kalitate oneneko ongarria

Jende asko dago gaiaz oraindik asko ez dakiena. Pentsa daiteke, hondakinei irtenbide egokia emateko balio duela konpostazeak, baina lortutako produktuak ezer gutxirako balio duela eta ez duela erabilpenik izango. Gauzak oso bestelakoak dira ordea.

Usurbilgo konposguneetako konposta udala ari da fintzeko bahetzen, eta gero Usurbilgo garbigunean herritarren esku uzten. Herritarrek horren berri eduki eta honez gero bukatu da orain arte lortutakoa. Egiten ari denari itxoin beharko dio kalitatezko ongarria doan lortu nahi duenak.

Kalitatezkoa bai. Ez diogu guri hala iruditzen zaigulako. Konposguneetan ateratzen ari den konposta Fraisoro ingurumen eta nekazal laborategira eramaten da aztertzera eta ondorioa garbia da. Kalitate onenekoa da. A kalitateko ongarria lortzen ari da. Nekazaritzan, lorategietan, basoetan eta ongarria behar den edozein lekutan erabiltzeko modukoa. Esteka honetan Usurbilgo Puntapax konposgunean lortutako konpostaren azterketak emandako emaitza ikus dezakezue.

Lapatxeko konpostatze plantan lortutako konpostaren kalitateari bikainari buruz ondorengo artikulua irakur dezakezue: “A klaseko konposta sortzen du Azpeitiko plantak”

Tratatu beharreko kopurua nolakoa tratatzeko era halakoa

(atal hau prestatzen ari gara)

Konposta etxean

Auzokonposta

Sortzaile handiek konpostatzeko aukerak

Konpostatze plantak: Konpostatzea kopuru handitan


Utzi erantzuna