Zero zabor. Zer da?

Zabortegiak azken mendeko kontua dira. Cosima Dannoritzer-ek Comprar, tirar, comprar (The Light Bulb Conspiracy) dokumental interesgarriaren egileak dion bezala, zibilizazio batzuek piramideak eta katedralak utzi zituzten modura, gure zibilizazioak zaborra utziko du. Teknologia izugarri garatu dugu, baina ez dugu teknologia horren erabilpenaren ondorioetan pentsatu. Zaborra ez da ezinbestean pairatu beharreko kaltea, gaizki diseinatutako materialeen kudeaketa baten ordaina baizik.

Zero zabor helburu bat da. Gure eguneroko jardunean erabili behar ditugun materialak alferrik galdu eta elementu kutsakor bihurtzen ez uztean datzan helburua. Helburu horretara iristeko jarraibideak honela labur daitezke:

Produktuak berrerabili eta birziklatzeko diseinatzea, baldintza betetzen ez duten produktuentzako bi aukera uzten direlarik:

  • Produktua berdiseinatzea.
  • Produktua sistematik at uztea.

Zero Zabor azken helburu bat da, erreferentzi bat. Norabide bat markatzen digu. Badakigu ez garela helburu horretara egun batetik bestera pasako.  Baina epe motzean egin daitezkeen aurrerapauso asko daude, eta norabide horretan etengabeko hobekuntzan ekiteko programa bat beharrezkoa da. Jarraibide hoiek bete ahal izateko hartu beharreko neurri sorta zehaztean eta xede horretarako epe eta baliabideak ezartzean datza Zero Zabor programa. Zero zabor programa batek aurrera egiteko urratsak zehazteaz gain, aurrerabidean oztopo izan daitezkeen azpiegitura eta inbertsioak ekidin behar ditu. Zero zabor programaren ezaugarrietan sakondu aurretik, gaur egun hondakinekin daukagun arazoa azaltzea komeni da, konponbidearen beharraz jabetu eta hau nondik etor daitekeen kokatze aldera.

Ezertan hasi aurretik oinarrizko bi kontzeptu argitzea beharrezkoa da eta bakoitzaz aritzeko erabili beharreko terminoak zein diren ere bai:

Hondakina ≠ Zaborra

Hondakina: Erabili ondoren, daukanarentzat erabilgarria izateari utzi dion produktua da. Produktu hori edota produktu hori osatzen duten materialeek balioa izan dezakete, birziklatu eta produktu berrien ekoizpenean erabiltzen badira. Hondakin atalak (papera, beira, ontziak…) nahasten ez badira, bereziki atal organikoarekin nahasten ez badira, garbiak dira eta ez dute kiratsik isurtzen. Beraz, hondakinak berez ez dira arazoa, lehengai garrantsitsua baizik.

Hondakin organikoa

Paper eta kartoia

 

Beira

 

Ontzi arinak

Zaborra: Inolako baliorik ez daukaten gauzek osatzen dute. Ohikoa da zaborra hondakin atalak nahasterakoan sortzea. Hondakinak nahasteak berreskuraezin egiten ditu materialak. Zaborra ezin da erabili produktu berriak ekoizteko eta arazoak sortzen ditu. Arazo hauek zabor horren tipologiaren araberakoak dira (osasun arazoak, kiratsa, kutsadura, espazio arazoa, plagak…).

Zabor nahasia

Hondakinen arazoa:

Hondakinen arazoa deritzonak munduan nagusitu den kudeaketa ereduan dauka jatorria. Hondakin kopuru ikaragarriak sortzen ditugu eta gainera nahastuta, zabor bihurtuta, biltzen ditugu. Ikus dezagun zer den eredu edo sistema lineala.

Sistema lineala

  • Ustiatu-kontsumitu-bota, ustiatu-kontsumitu-bota, ustiatu-kontsumitu-bota

Sistema linealean materialeek norabide bakarrean egiten dute bidaia. Bidai hori natura ustiatuz materiale hoiek eskuratzerakoan hasten da. Eraldatu, merkaturatu, kontsumitu eta zabor bilakatzean bukatzen da materialeen bidaia. Sistema linealak natura etenik gabe ustiatzen du lehengaiak lortu ahal izateko. Halaber, produktuak kontsumitu ondoren zabor bihurtu eta pilatu egiten dira sistema linealean. Geroz eta natur baliabide gutxiago dago, eta geroz eta zabor eta kutsadura gehiago sortzen da. Materialeen berreskurapena, dagoen kasuetan, anekdotikoa da, oso neurri txikian egiten da eta ez du arazoa zuzentzeko balio. Mundu mugatu batean, munduak mugarik edukiko ez balu bezala jokatzeak ez dauka etorkizunik. Garaiz zuzentzen ez badugu, sistema linealak ez ezik guk ere ez dugu etorkizunik izango.

Sistema linealaren ondorioak

Ohiko zabortegi kutsakorrak:

Ohiko zabortegi kutsakorrak, hondakinak nahasian eta egonkortzeko tratamendurik gabe jasotzen dituztenek, ondorengo arazoak sortzen dituzte besteak beste.

Kiratsa, gas isuriak eta plagak: Zabor nahasiak gai organikoa usteltzen edukitzen duenez, inguru zabalean kiratsa egoten da. Gainera berotegi efektua eragiten duen metanoa isurtzen du airera. Tratatu gabeko gai organiko horrek animali plagak ere eragiten ditu, arratoiak, kaioak…

Lixibatuak: Zabor nahasiak dauzkan likidoek lixibatuak eragiten dituzte. Lurrean sartu eta lurra eta lurrazpiko ura kutsatzen dute.

Auzotarrengan bizi baldintza eskasak: Kiratsak, plagak eta gainerako kutsadurak inguruan bizi diren bizilagunen bizi kalitatean eragiten dute, denoi dagokigun bizitza duinerako eskubidea zanpatuz.

Espazio arazoak: Dentsitate altuko herrialdeetan bizi gara eta azalera handia behar da sortzen dugun zabor mordoa pilatzeko.

Errausketa

Errausketa ohiko zabortegien konponbide bezala aurkeztu nahi izaten du zenbaitek. Garbi esan beharra dago arazo bat beste arazo batengatik aldatu besterik ez duela egiten errausketak. Hondakinekin dagoen arazoa konpondu beharrean, hau da, zaborra sortu ez dadin neurriak hartu beharrean, zaborra batzuentzako negozio bihurtu eta zaborra sortzen eta materialak suntsitzen segitzea sustatzen duen arazo berria besterik ez da errausketa, bere edozein formatan: Errausketa bera, gasifikazioa…

Errausketak ondorengo kalteak sortzen ditu besteak beste:

Zabortegi toxikoak:

Hiru zabortegi behar ditu errausketak. Erretakoaren %30 geratzen da zabor toxiko bezela eta bi heren tximiniatik kanpora isurtzen dira.

Lehengo zabortegia atmosfera da, guk arnasten dugun airea. Tximiniatik irtetzen diren partikula toxikoek airea, lurra eta ura kutsatzen dute. Konposatu mordoa ateratzen da bertatik. Filtroek geratu ez dituzten dioxina eta furanoak, filtroek geratu ezin dituzten mikropartikulak, guztiak minbizi sortzaileak. Arnasaren bidez, edota elikadura katean sartuaz, iristen dira jendearen gorputzetara.

Bigarren zabortegia zepa eta eskoriak gordetzeko behar dena da. Zepa eta eskoria hauek labean geratzen diren hondakinak dira. Erretakoaren %25 inguru. Errausketan sortutako konposatu toxikoekin kutsatuta egon daitezke eta zabortegi bereziak behar dituzte.

Azkenik, errauts toxikoentzako behar diren zabortegiak daude. Filtroek gelditu dituzten partikula toxikoek osatutako errautsentzako dira. Errauts hauek oso toxikoak dira eta tratamendu berezia behar dute. Errautsak porlanean nahasten dira ihes egin dezaten zailtzeko eta zabortegi bereziak behar dituzte oso arriskutsuak direlako.

Errausketak ondorengo kalteak sortzen ditu besteak beste:

Kalteak osasunean: Erraustegiak sortu eta isurtzen dituen konposatu askok kalte larriak eragiten dituzte osasunean eta ingurumenean. Ezagunenak, metal astunak, dioxina, furano eta mikropartikulak dira. Hauek ez dira naturaz desegiten eta maila txikienak ere arriskutsuak dira osasunerako naturan eta gorputzean metatzen baitoaz. Eragiten dituzten kalteen artean minbizia, malformazioak, ugalketa arazoak… Konposatu hauen arriskuaren tamainaz jabetzeko, duela gutxi Espainiako osasun ministerioak errausketa dela-eta itsaskiek daukaten cadmio mailagatik neurrian kontsumitzeko emandako aholkua, NBEk eta Europako komisioak dioxinak ekiditeko bultzatutako itun eta aholkuak daude besteak beste.

Kalteak ekonomian: Errausterakoan materialeak suntsitu egiten dira. Horrek esan nahi du, gure ekonomiak behar dituen materialeak berriz ere atera behar direla naturatik. Horrek ingurumen ikuspegitik suposatzen duen astakeriaz aparte, ikuspegi ekonomiko eta energetikotik zeharo aldrebesa da. Industrializazioa geroz eta herrialde gehiagotara zabaltzen ari da, Txina, India eta Brasil bezalako erraldoiak tarteko. Geroz eta materiale eskaera handiagoa dago, geroz eta baliabide gutxiagorentzat. Eskuratu diren materialeak suntsitzea kirtenkeria da. Kobrearen kasua etorriko denaren iragarpen bat besterik ez da. Denok izan dugu horren berri, kobrearen eskaera handitzeak salneurrian izandako gorakadaren eraginez izaten diren lapurretak, sarri agertzen baitira hedabideetan.

Atzerapen teknologikoa: Errausketak teknologia eta eraikuntza oso garestiak erabiltzen ditu. Horrek urte luzeetarako inbertsioak egitea esan nahi du, hamarkadak. Hamarkadak pasa ahala teknologia hori oso zaharkitua geratzen da.

Errausketaz gehiago irakurtzeko

Sistema linealaren ondorioak: gogoeta

Sistema lineala bera da arazoa eta sistema linealean ez dago konponbiderik. Sistema linealaren akatsak izango ez dituen sistema jarri behar da indarrean.

Konponbidea badago:

Sistema zirkularra: Zero zabor

Sistema linealaren arazoa mundua mugagabea balitz bezala jokatzean dago. Baliabideak etengabe alferrik galdu eta kutsadura geroz eta gehiago sortzen du. Zero zabor edo sistema zirkularrak hori ekiditen du. Nola lortzen da hori?

  • Ekonomian sartzen diren materialeak berreskuragarriak izan daitezen neurriak jarri behar dira. Arauak eta legeak diseinu egoki horri begira egin behar dira.
  • Ekonomia zirkuituan sartu diren materialeak berreskuratzeko neurriak hartu behar dira. Hori bermatzeko bilketa sistemak jarri behar dira indarrean. Horrela zikloa ixtea lortzen da.

Ekonomian sartutako materialak ez dira alferrik galtzen, eta era berean, erabili ondoren ez dute kutsatzen. Materiale  hauek berreskuratzen direnez, ez dira natura ustiatuta lortutako materiale berriekin ordezkatu behar, eta planetaren txikizioa eteten da.

Badago garrantzi handiko printzipio bat: Produktuaz etekina ateratzen duenaren ardura ez da bukatzen produktua saldu ala erabiltzean, produktua berreskuratzean baizik. Hau da, produktua egiten duenak, produktuaren berreskurapenaren kostua bere gain hartu behar du. Horretarako legeria moldatu beharra dago. Era honetan, produktua ekoizten duena kezkatuko da produktu horren berreskuratzeak kostu gutxi sortu ditzan eta berreskuratua izan dadin. Berdin produktua erosi eta erabiliko duenak, merkeagoa izango baitzaio erraz berreskura daitezkeen produktuak erostea.

Zero Zabor ereduan sistema zirkularra osatzea bezain garrantzitsua da zirkulua ahalik eta gehien txikitzea, hau da, materialen kontsumoa murriztea eta hondakin gutxiago sortzea. Sortzen ez den hondakina ez da bildu, garraiatu eta tratatu behar. Urrats guzti hoietan kutsadura sortzen denez, hondakin kopurua murriztuz kutsatzea ekiditen dugu kosteak murrizterekin batera.

Zero zabor helburura iristeko hiru mailatan eragin behar da:

  • Murrizketa: Hondakinik onena sortzen ez dena delako.
  • Birziklaia: Hondakinek ez dutelako zertan zabor izan.
  • Ikerketa eta garapena: Gaur posible ez dena bihar izan dadin.

Murrizketa:

Hondakinak zabor bihurtzea ekidin behar dugu, hauek gaika bilduz eta birziklatuz. Baina ez dugu ahaztu behar hondakinik onena sortzen ez dena dela. Sortzen ez den hondakina ez dago, ez ekoiztu,  ez bildu, ez garraiatu, ez tratatu beharrik. Beraz, material gutxiago behar da, energia gutxiago gastatzen da eta azpiegitura gutxiago behar da hondakin gutxiago sortzen bada. Berreskura ez daitekeen zatia ere txikiagoa izango da horrela.

Sarritan birziklaiaren garrantziak lekua kendu izan dio murrizketak daukan eragin itzelari. Ikus dezagun murrizketak zenbateko eragina izan dezakeen adibide batekin.

Grafiko honetan ikus daiteke Danimarkak eta Txekiak sortzen dituzten hondakinen birziklapen maila. Danimarkak %40 birziklatzen du eta Txekiak %5 soilik (birziklatutakoa gorriz, zaborra urdinez). Horrela ikusita esan genezake Zero Zabor ikuspegi batetik Danimarka egokiagoa dela Txekia baino. Baina ez da horrela. Ikus dezagun zergatik.

2. grafikoan, urtean biztanleko sortzen diren hondakin kg-ak dauzkagu. Txekian biztanleko 300 kg sortzen dituzte batazbeste. Danimarkan 800 kg. Danimarkan 800 kg hoien %40 birziklatzen da, beraz Danimarkan 480 kg zabor sortzen ditu herritar bakoitzak urtean.

Txekian ordea 300 kg hondakin sortzen ditu biztanle bakoitzak bataz beste. Txekian beraz, 285 kg zabor sortzen dira urtean biztanleko %5 birziklatuta.

Ondoriozta daiteke birziklapena beharrezkoa izanda ere, hondakinen murrizketan eragiteak berebiziko garrantzia daukala zaborra murrizteko bidean. Noski, egokiena bi faktoreak konbinatzea da emaitza onak biderkatzeko.

Sortzen ditugun hondakinak murrizteko hainbat neurri hartu daitezke. Produktuen diseinu eta bilgarriak arautzetik hasi, jendea hezitzeko programekin segi, eta gehiegizko kontsumoa bultzatzen duten teknikak neutralizatzeko neurriak hartzeraino. Ondorengo fenomenoak erabiltzen dira kontsumoa bultzatzeko:

  • Iraungitze programatua: Produktuak propio diseinatzen dira epe jakin batean honda daitezen. Nahikoa da piezatxoren bateko materiala kontrolatzea, aparato bat, telebista bat adibidez, osorik bota behar izateko. Hainbat adibide ezagun daude, bonbilak, galtzerdiak… HAsieran aipatu dugun Comprar, tirar, comprar (The Light Bulb Conspiracy) dokumentalak primeran azaltzen du hau dena.
  • Iraungitze subjetiboa: Produktua hondatu ez arren, produktu berriagoa izateko gogoa eragiten da subjektiboki. Mugikor berria erosi eta handik gutxira beste ez dakit ze funtzio daukana ateratzen duten kasua litzateke adibide bat. Marketingarne bidez, produktu berria edukitzeko behar sentsazioa sortzen digute. Moda ere adibide garbia da. Modaz pasatako erropa hori nola eraman dezakezu? “Ezjakin baztertu gizarajo bat zara” mezu inplizitua egoten da horrelako esandien atzean, eta etengabe behar ez ditugun produktuak kontsumitzera, eta dauzkagunak botatzera garamatza.

Berrerabilpena:

Produktu bat berrerabiltzen dugun bakoitzean hondakinak sortzeari uzten diogu. Produktuen bizitza luzatzea zero zaborrera iristeko gakoetako bat da.  Berrerabilpenak zenbateko eragina izan dezakeen ikusteko datu bat. Gaikako bilketarako edukiontziak jarri aurretik beira gutxiago zihoan zabortegietara, edukiontzi hauek jarri ondoren baino. Nolatan da posible? Lehen, beirazko botilak ordaintzen ziren erosketa egiterakoan, eta botila berrerabiltzeko berriz dendara eramaterakoan, dendan dirua itzultzen zuten. Botilak behin eta berriz berrerabiltzen ziren puskatzen ziren arte. Horrela, nahiz eta birziklatzeko aukerarik ez egon, eta puskatutako botila guztiek zabortegian bukatu, zabortegian bukatzen zuen kopurua txikiagoa zen orain erabilpen bakarrarekin gaika biltzen ez direnena baino.  Berrerabilpenaren eraginaren beste adibide bat esne surtidorea dugu. Surtidorera norbera joaten da bere ontziarekin. Esnea hartu, etxera eraman eta esnea kontsumitutakoan ontzia garbitu eta berriz erabiltzen da esnea hartzeko. Horrela ez da batera hondakinik sortzen. Irudian tetrabrickean saldutako 100 L esnek sortzen dituzten hondakinak dauzkagu. Hondakin hoietan ez daude salmenta puntura iritsi bitartean sortu direnak. 500 pertsonaren eguneko kontsumoak sortzen duena izan daiteke hori gutxi gora behera.

Gipuzkoan 700.000 biztanle gara. Atera kontuak. Pertsona bakoitzaren bataz besteko kontsumoa 200 zl direla jotzen badugu urtean 50.000.000 tetrabrick eta hauen kartoiak sortzeari utziko litzaioke salerosketa eredua berrerabilpenean oinarritutakora aldatuta.

Esnearekin bezala, gainerako produktuekin berrerabiltzeko sistemak erabili daitezke. Zenbait lekutan, Italian kasu, badira esnea ez ezik olioa, detergentea, gasadun ura, e.a. saltzeko surtidoreak. Edozein likidorekin erabil daitezke. Solidoekin berriz, berrerabiltzeko poltsak eta tuperrak erabili daitezke. Hainbat herritan jendea arrandegi eta harategira tuperrarekin joateko kanpainak egin dira . Erabili eta botatzeko papera baino garbiagoa eta erosoagoa dela ohartzen ari da jendea. Bera herrian, arrandegi batek atera ditu tuperrak bere logoarekin eta bezero gehienek erabiltzen dituzte. Paper eta poltsa kontsumoa izugarri gutxitu dute. Gastuak ere bai. Geroz eta udal gehiago dira harategi eta arrandegiekin akordioak egin eta herritarren artean tuperrak banatzen ari direnak.

Hondakinik ez sortzeak onura dakar eta horrek bere isla eduki beharko luke zerga eta tasetan. Paper eta poltsek bildu eta tratatu beharra sortzen dute kutsaduraz aparte. Eta horrek gastu publikoa eragiten du. Gastu hori eragiten ez duenak eta ingurumen eta osasunean onurak dakarzkinak ez al du zergak jeisterik merezi?

Birziklapena:

Sortu diren hondakinak zabor ez bihurtzeko birziklatu beharra dago. Horretarako bi gauza ezinbestekoak dira.

  • Produktuak birzikla daitezkeen materialeekin eginak egon behar dute eta materiale hauek erraz bereizteko diseinatuak.
  • Gaikako bilketa erraztu behar da. Produktuaren etiketak nola jokatu adierazi behar dio erabiltzaileari.
  • Bilketa sistema eraginkorrak behar dira. Sistema zirkular bat nahi badugu, hondakinetan dauden materialak berreskuratzeko bitarteko eraginkorrak ezarri behar dira. Gaur gaurkoz eraginkortasun hori erakutsi duten sistemak ondorengoak dira:
    • Atez atekoa da gaur gaurkoz ezagutzen den sistema eraginkor bakarra. Hondakinen identifikazioaren bidez, hauen trazabilitatea marraztea posible egiten du. Horri esker neurri zuzentzaileak aplika daitezke. Sistema honekin, aparteko ahaleginik egin gabe %80tik gorako gaiako bilketa maila lor daiteke.
    • Atez ateko bilketa sistemaren osagarri gisa, SDDR gisa ezaguna den sistema erabil daiteke zenbait hondakin mota biltzeko oso eraginkorra baita: latak, ontziak, pilak…

Hondakinak ondo kudeatuz gero sortutako zaborra anekdotikoa izan daiteke, zero zabor alegia. Horretarako beharrezkoa da herritarrak, baina batez erakundeek, bere eskumenen araberako helburu mailakatuzko zero zabor programak abian jartzea, bere epe eta bermeekin.

Ikerketa eta Garapena:

Zero zabor eredu baten planteamendua, izenak berak dion bezala zaborrik ez sortzea da. Zero Zabor eredu batek ezin du ontzat eman birziklaezina den zabor kilo bakar bat ere.

Zaborra, gizartearen porrotaren froga da. Zero Zabor eredu batek ezinbestekoa du bere baitan ikerketa eta garapen lerro bat txertatuta izatea, behar bezala bideratzea lortu ez den hondakin kondar hori birziklatzea zergatik ez den lortu jakin eta konponbidea bilatzeko.

Arrazoiak mota askotakoak izan daitezke. Produktua osatzen duten materialak birziklaezinak direlako, produktuak material birziklagarriz eginak egon arren diseinuak material hoiek bereiztea bideraezin egiten duelako edota bilketan produktu hoiek sistemari ihes egiten diotelako.

Hoietako bakoitza ikertu eta konponbideak lortu behar dira, etengabeko hobekuntzan, azken helburua den Zero Zabor horretara iristeko.

Eta birziklatu gabe geratzen den errefusarekin zer?

Ikerketa, azken bereizketa eta egonkortzea:

Atez Ateko bilketa bezalako sistema eraginkorrekin %80tik gorako gaikako bilketa lor daitekeela ikusi dugu. Horrek zer esan nahi du? Zaborra bosten batera gutxitzen dugula? Ez.

Geratzen den %10-%20 horri, plastikoa, aluminioa, kartoia, beira, papera eta materia organikoa kendu dizkiogunez, sistema linealek sortu ohi duten zaborraren oso bestelakoa da geratzen dena. Oso materia organiko gutxi daukanez, ez da usteltzen eta ez du kiratsik botatzen. Dena den, ezin da bere horretan zabortegi batera bota. Zer egin behar da orduan?

Ikerketa:

Batetik ikerketa bultzatu behar da. Lehen aipatu dugun bezala, zabor hori zergaitik sortu den jakin eta konponbidea bilatu behar zaio. Italian dagoen Capannori herrian daukaten zentrua jar dezakegu eredutzat. Gipuzkoako plangintzaren garapenak ere horrelako zerbait aurrikusten du.

Esteka honetan, Capannoriko Zero Zabor ikerketa zentroari buruzko informazioa topa dezakezue.

Azken bereizketa:

Azken bereizketa mekaniko baten bidez, errefusan bukatu duten material birziklagarriak berreskuratzen dira, errefusa are eta garbiagoa izan dadin. Lehen aipatu den bezala, material birziklagarri gehienak aurretik kendu badira, bereziki organikoa, bereizketa mekaniko hau askoz errazagoa da eta errefusa oraindik gehiago gutxitzeko aukera ematen du.

Egonkortzea:

Azkenik, errefusak izan dezakeen materia organiko apurra egonkortzeko tratatu egiten da. Egonkortu ondoren, inerteentzako errefusategi batetan utzi daiteke. Honek, zabortegi kutsakorrek ez bezala, ez du ez kiratsik, ez gas isuririk ez eta lixibatu kutsakorrik eragiten.

Europako Zero Waste taldearen web orrian ikus dezakezue tratamendu mekaniko biologiko hauek Zero Zabor filosofian daukaten lekua zein den. Esaten duen bezala, bilketa ahalik eta eraginkorrena egin eta gero planteatu behar dira eta beti ere azken helburura heltzeko ikerketa eta hobekun lerro batekin batera.

Elkarbanatu

2 Responses to Zero zabor. Zer da?

  1. URL says:

    This is a great web page, could you be interested in doing an interview about just how you designed it? If so e-mail me! 98544

  2. Carolina Calvo says:

    kaixo!
    Idazten dizuet, youtuben Zubietan egindako flash moba ikusi dudalako eta bertan dantzatutako musika lortzea gustatuko zitzaidalako, irakaslea nahiz eta ihauterietako jaialdian ikasleekin dantzaldi bat prestatzen dugunez, abesti hori dantzatzea burutatu zaigu, modernoa eta euskaraz moldatuta dagoenez egokia iruditu zaigu. Posible izango zenuten abestia bidaltzea?
    Eskertuko genizueke,
    Mila esker
    Carolina (La Salle-Legazpi ikastetxea)

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>