Zero Zabor I.B.E.

Zero Zabor ingurumen babeserako elkartea (lehen, Gipuzkoa Zero Zabor) Euskal Herrian materialen ekonomia zirkular eta efizientea, hau da, zero zabor eredua gara dadin eragiteko sortutako taldea da.

Hondakinen arazoa zertan datzan jakitera eman eta konponbidea gauza dadin eragitea da gure helburua, hau da, Euskal Herria Zero Zabor lurralde izenda dadin, kudeaketa eredu kutsakor eta jasangaitzak baztertu, eta Zero Zabor programa bat aplika dadin lortzea.

Arrazoinaltasunean oinarritutako kudeaketa eredu zirkular eta efizientea lortzeko, ezinbestekoa da hori oztopatuko lukeen errausketaren bidea bazterrean uztea eta, kudeaketa hondakinak kudeatzeko hierarkiaren lehenengo mailatan oinarritzea. Errausketak, gaur egungo eredu, zabar, xahutzaile, kutsakor eta jasangaitzaren beharra dauka egindako inbertsioak amortizatu ahal izateko eta, esperientziak erakusten duen bezala, hondakinen murrizketa eta birziklapenerako politikak oztopatzen ditu.

Gure helburua ez da beraz errausketa baztertzera mugatzen. Hondakinak edo, hobe esanda, materialak kudeatzeko eredu arrazoinal eta jasangarria ezartzea da gure helburua. Beste era batean esanda, gaur egungo kudeaketa eredu lineal xahutzaile eta jasangaitzetik, eredu zirkular efiziente eta jasangarrira aldatzea.

Horretarako, helburu bera daukaten taldeekin batera jardutea da gure asmoa eta beharrezkoa den herri eta eskualdeetan hedatzea.

Europako proiektua:

Zero Zabor ingurumen babeserako elkartea, Zero Waste Europe-k koordinatuta, zero zabor estrategiekin konprometitutako europar udalerrien sarea antolatzeko xedea duen  “Europe for citicens” proiektuko kide da.

Hemen topa dezakezue proiektuaren balantzea